Fipronilaren eta beste akarizida batzuen arrastoak hegazti-produktuetan
EFSAk hegazti-produktuetako fipronilaren eta bestelako akarizida batzuen edukiei eta legezko mugak betetzeari buruzko txosten zientifiko bat argitaratu du. Txosten horretan ondorioztatzen da aztertutako 5.439 laginetatik % 13,6k fipronil-arrastoak zituztela baimendutako hondakinen gehieneko mugen gainetik. Horietatik ia % 90ek Herbehereetan zuten jatorria.
Azterketaren xehetasunak
2017ko udan, hegazti-ustiategietan oker erabili zen fipronila; hori dela eta, Europako Batzordeak eta estatu kideek erabaki zuten fipronilaren eta beste akarizida batzuen jarraipena egiteko programa espezifiko bat ezartzea. Programaren helburua zen arrautzen eta akariziden legez kanpoko erabilerarekin loturiko beste hegazti-produktu batzuen gaineko ikuspegi integrala lortzea.
2017ko irailaren 1etik azaroaren 30era bitartean, estatu kideek guztira 5.439 lagin hartu zituzten (oilo-arrautzak, oilasko-gantza eta giharrak); lagin horietan fipronila eta beste akarizida batzuk aurkitu ziren, 66 substantzia guztira.
Emaitzak eta ondorioak
EFSAk estatu kideek eta Islandiak emandako informazioa aztertu zuen; guztira, 53.655 zehaztapen analitiko indibidual izan ziren. Aztertutako substantzia guztietatik bi baino ez ziren aurkitu: fipronila eta amitraza. Azken hori, gainera, bi laginetan baino ez zen hauteman.
Laginen % 13,6k hondakinen gehieneko mugak (HGM) gainditzen zituzten hondakinak zeuzkaten, batez ere fipronila. Lagin hauetan hauteman ziren gehiegizko maila horiek: prozesatu gabeko oilo-arrautzak (% 81), oilo erruleen gantza (% 18), oilo erruleen giharrak (% 0,7) eta arrautza-hauts lehorra (% 0,3).
Legezko mugak gainditu zituzten laginen jatorriari dagokionez, % 89,5 Herbehereetakoak ziren, % 5,4 Italiakoak, % 1,8 Alemaniakoak, % 1,5 Poloniakoak, eta gainerakoak, proportzio txikiagoan, Hungaria, Frantzia, Eslovenia eta Greziakoak.
Proposatutako laginketa-estrategiak eragin handia izan zuen hondakinen gehieneko mugak gainditzeari dagokionez.