FISH CHOICE: arrainen eta itsaskien onurak eta arriskuak ebaluatzeko zure kalkulagailu pertsonala
Fish Choice tresna digital interaktibo berriari esker, kontsumitzaileek eta profesionalek arrainen eta itsaskien kontsumoak dakartzan onurak eta arriskuak ebaluatu ahal izango dituzte.
Universitat Rovira i Virgili-ko (Espainia), Ganteko Unibertsitateko (Belgika) eta Itsasoaren eta Ingurugiroaren Portugalgo Institutuko ikertzaileek diseinatu dute tresna, EBko 7. Esparru Programako ECsafeSEAFOOD proiektuaren emaitza gisa.
Proiektuaren helburu nagusietako bat izan zen ebaluatzea elikagai horiek kontsumitzeak kutsatzaile kimikoen ingestarekin lotutako zer arrisku eragiten dizkion giza osasunari, kontsumo horren beraren askotariko onurak aintzat hartuta.
Aurkitutako arriskuen artean daude, besteak beste, artsenikoa, merkurioa, sugar-atzeratzaileak, Hidrokarburo Aromatiko Poliziklikoak (HAP), disruptore endokrinoak, etab. Arraina eta itsaskiak kontsumitzeak dakartzan onuren artean dago, ordea, aberatsak direla honako nutriente hauetan: proteinak, bitaminak eta mineralak eta gantzak, eta bereziki omega-3 gantz-azidoak.
Fish Choice tresna lagungarri izango zaio erabiltzaileari, onurak eta arriskuak kontuan hartuta zein arrain eta itsaski kontsumitu aukeratzeko. Tresnaren bi bertsio diseinatu dira: bat kontsumitzaileentzat eta bestea nutrizio- eta osasun-arloko profesionalentzat. Oraingoz, bost hizkuntzatan dago (ingelesez, nederlanderaz, norvegieraz, portugesez eta gaztelaniaz), eta aurki beste hizkuntza batzuetan jarriko da.
Tresna honi esker, erabiltzaileak asteko menu bat egin ahal izango du Europan gehien kontsumitzen diren 24 arrain-espezieen artean aukeratuta. Onurak eta arriskuak muga-balioekin konparatuta kalkulatzen ditu tresnak, eta, emaitza gisa, menuan hautatutako arrain- eta itsaski-espezie bakoitzarentzako kutsatzaile eta nutriente guztien grafikoak ematen ditu.
Gainera, Fish Choicek haurdun dauden emakumeentzako eta bularra ematen ari diren amentzako informazio espezifikoa ere ematen du, baita haurrentzakoa ere; izan ere, arriskutsua da haientzat metilmerkurio eduki handia duten espezie batzuk gehiegi kontsumitzea.