Erresuma Batuko Osasun Publikoko zein Nekazaritza eta Abeltzaintzako agintari eskudunek mezu bat igorri dute, haurdun dauden edo egon daitezkeen emakumeen artean hainbat gaixotasun prebenitzeko.

Informazio-oharrak emakumeei ohartarazten die euren osasuna eta fetuarena arriskuan jar dezaketela ardiekin edo abeletxeko beste edozein animaliekin kontaktuan badaude animaliak erditzean; izan ere, animalia horiek hainbat infekzio (besteak beste, Q sukarra) kutsa ditzakete.

Nahiz eta animalia infektatu batek kutsa ditzakeen haurdunen kopuru oso-oso txikia izan, garrantzitsua da haurdun dauden emakumeak kontziente izatea gerta daitezkeen arriskuez eta neurri egokiak hartzeko garrantziaz.

Arrisku horiek ez dira soilik animaliekin eta urteko garai zehatz batekin (udaberrian jaiotzen dira arkume gehienak) lotzen. Kumea izan duten behi-aziendarekin eta ahuntzekin kontaktuan egoteak ere antzeko arriskuak dakartza.

Infekzio-arriskua murrizteko, haurdun dauden emakumeek:

  • ez diete lagundu behar animaliei (ardi, ahuntz, behi eta abarrei) erditzean;
  • ekidin egin behar dute kontaktu izatea abortatutako edo jaioberri diren arkume/txekor/antxumeekin. Halaber, ekidin egin behar dute kontaktua izatea karenarekin edo kutsatuta egon daitezkeen materialekin (animalien ohantzeekin, adibidez);
  • ekidin egin behar dute kumea izan duten animaliekin, horien kumeekin edo karenarekin kontaktuan egon diren arropak, botak edo edozein material manipulatzea;
  • ziurtatu egin behar dute kumea izan duten ardiei edo beste animalia batzuei lagundu dieten pertsonekiko kontaktua modu egokian gauzatzen dela (hau da, pertsona horiek higiene-neurri egokiak hartu dituztela, kutsatuta egon daitezkeen arropak ez daramatzatela, eta abar).

Gainera, haurdun dauden emakumeek mediku batenagana jo beharko dute sukarra edo gripearenaren antzeko sintomak badituzte edo abeletxe baten inguruan kutsatu egin direla sumatzen badute.

Azkenik, agintariek abeltzainei adierazi diete erantzukizuna dutela haurdun dauden emakumeen, euren familiako kideen eta abeletxera hurbil daitezkeen langile publiko zein pribatuen artean arriskuak murriztean.

Erresuma Batuko agintarien prentsa-oharra