Manganesoaren gehieneko ingestio-maila jasangarria eguneratzea
EFSAk manganesoaren (Mn) gehieneko ingestio-maila (UL) ezartzeko erabil ahalko liratekeen froga zientifikoen bilduma eta ebaluazioa egin du. Nahiz eta animalietan egindako ikerketa esperimentalek Mn maila altuen ingestioa eragin neurologiko kaltegarriekin lotzen duten, pertsonen artean egindako ikerketei buruz eskura dagoen informazioa ez da nahikoa ondorioak ateratzeko.
Bi berrikuspen sistematiko egin ziren manganesoarekiko aho bidezko esposizio altuaren eta pertsonen zein ugaztunen artean izandako eragin neurologikoen arteko lotura ebaluatzeko. Horretarako, 14.471 erregistro aztertu ziren; horren ondorioz, baheketa egin ondoren, pertsonen artean egindako 49 ikerketa eta animalietan egindako beste 63 sartu ziren.
Emaitza berberak modu konparagarrian jorratzeko pertsonen eta animalien arteko azterlanak falta zirenez, iritzi zen frogak eskasegiak zirela metaanalisia egiteko, ikerketen diseinuan zegoen heterogeneotasun handia zela eta.
Eragina pertsonetan
Helduen artean egindako ikerketa askok mantenugaien egoera depresioarekin eta gaixotasun neurologikoekin (hala nola Parkinsona) duen loturaren arabera aztertzen zuen, eta ez zuten manganesoarekiko esposizioaren arriskua ebaluatzen.
Hala ere, haurren artean egindako zenbait ikerketek adierazi zuten edateko uraren manganesoarekiko esposizioaren eta haurren artean adimen-kozientearen arteko harremana kaltegarria zela; edateko urean manganesoaren kontzentrazioa 10 aldiz igotzen zen bakoitzean, 2-4 puntuko jaitsiera zegoen adimen-kozientean.
Eragina animalietan
Orokorrean, animalietan egindako ikerketa esperimentalek nahiko argi adierazten zuten ingestio dietetiko normala baino askoz maila handiagoko Mn-arekiko esposizioak ondorio neurologiko kaltegarriak izan ditzakeela, bereziki esposizioa bizitzako lehenengo etapetan gertatzen denean, baina arrisku hori helduetan ere badago.
Ebaluazioetan sartutako animalien arteko ikerketatako batzuk oinarri gisa erabili ahal dira gehieneko ingestio-maila ezartzeko, eta froga gutxi batzuek adierazten dute karraskariengan eta gizonengan ez direla modu berean ematen xurgapena, banaketa, metabolismoa eta iraizketa; hortaz, animalien eta pertsonen arteko estrapolazioa ez dago batere argi.
Ondorioak
Pertsonen kasuen txostenek laguntza gehigarriren bat ematen diete funtzio neurologikoen gainean ager daitezkeen eragin kaltegarriei animaliekin egindako ikerketan adierazitakoarekin alderatuz. Hala ere, aldi sentikorretan zehar (hala nola haurdunaldia eta edoskitzea) manganesoarekiko esposizioaren eta osasunaren arteko lotura aztertzen duten ikerketen eskasiak hutsune handia sortzen du datuetan.