Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) txosten bat argitaratu du mikrobioen aurkako sendagaien aurreko erresistentziak munduan duen egoerari buruz, bereziki antibiotikoen kasuan. Txosten horren arabera, mehatxu hori, dagoeneko, ez da etorkizunerako aurreikuspena, baizik eta benetako eta egungo arriskua da munduko bazter guztietan.

Hona hemen azterlanaren ondorio nagusiak:

  • Antibiotiko karbapenemikoekiko erresistentzia munduko toki guztietara hedatu da. Antibiotiko horiek azken baliabide terapeutikoa dira Klebsiella pneumoniaek (hesteetako bakterio arrunt bat) eragiten dituen eta heriotza ekar dezaketen infekzioetarako. K. pneumoniaek infekzio nosokomialak sortzen ditu, adibidez, pneumoniak, septizemia edota jaioberrietan zein zainketa intentsiboetako unitateetako pazienteetan gertatzen diren infekzioak. Erresistentzia horren ondorioz, zenbait herrialdetan, antibiotiko karbapenemikoak ez dira eraginkorrak K. pneumoniaearen infekzioak dituzten pertsona-kopuru erdiaren baino gehiagoren kasuan.
  • Fluorokinolonekiko erresistentzia ere asko zabaldu da. Bakterioen aurkako botika-mota hori E. colik sortutako gernu-infekzioak tratatzeko gehien erabiltzen direnetako bat da. Botika horiek laurogeiko hamarkadan azaldu ziren, eta garai hartan ia ez zen horiekiko erresistentzia ageri. Gaur egun, tratamendu hori ez da eraginkorra munduko herrialde askotako pazienteen erdiaren baino gehiagoren kasuan.
  • Berretsi egin da gonorrea hirugarren belaunaldiko zefalosporinekin tratatzeak huts egin duela Austrian, Australian, Kanadan, Eslovenian, Frantzian, Japonian, Norvegian, Erresuma Batuan, Hegoafrikan eta Suedian, nahiz eta kasu horietarako azken baliabide terapeutikoa izan. 1 milioi pertsonak baino gehiagok harrapatzen dute gaixotasun hori egunean.
  • Antibiotikoekiko erresistentziak luzatu egiten du gaixotasunen iraupena, eta areagotu egiten du hiltzeko arriskua. Esaterako, zenbatetsi da metizilinarekiko erresistentzia duten Staphylococcus aureusen anduiez kutsatutakoek aukera handiagoa (% 64 handiagoa) dutela hiltzeko, erresistentzia ez duten anduiez kutsatutakoen aldean. Halaber, erresistentziak osasun-arretaren kostua areagotzen du, ospitaleetako egonaldiak luzatu eta zainketa intentsibo gehiago eskatzen dituelako.

Mikrobioen aurkako sendagaien aurreko erresistentziei buruzko txostena (ingelesez)

OMEren berriak (eta estekak)