Europako Batzordearen Osasun eta Elikagaien Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiak txosten bat argitaratu berri du, eta bertan jaso du Europar Batasuneko hainbat estatu kidetan eskortako hegaztien Campylobacter murrizteko ezarri diren arintze-neurrien ikuspegi orokorra.

Txosten horretan, estatu kideek Campylobacter prebenitu, murriztu edo desagerrarazteko hartu dituzten jardunbide egokiak identifikatu dira. Honako hauek nabarmendu daitezke:

  • Berariazko kontrol-programak ezartzea, eskortako hegaztietan Campylobacter-en prebalentzia murrizteko, hegazti-industriarekin lankidetza estuan.
  • Hiltegietan borondatezko higiene-irizpidea hartzea, eta nahitaezko ohartarazpen-mezua jartzea produktuen etiketetan.
  • Hegazti-produktu espezifikoetako agente patogenoen prebalentziari buruzko lege nazionalak onartzea.

Dena dela, arintzeko neurri horiek ezarrita ere, ez dira kasu guztietan lortu espero ziren emaitzak.

Hegaztitegietarako neurriak

Hegaztitegietan, biosegurtasuneko neurri zorrotzen bidez arindu daitezke Campylobacter mailak, baita zenbait jardunbide egoki ezarriz ere, adibidez:

  • Garbitasun eta desinfekzio eraginkorrak.
  • Pertsonen eta ekipamenduen mugimenduaren kontrola.
  • Despopulazio partzialak.
  • Hegaztitegiko langileak kontzientziatu eta sustatzea.

Hala ere, ezin da erabat ezabatu, udako hilabeteetan bereziki. Gainera, kontuan harturik gaur egungo praktika komertzialak, aplikatzeko oso zailak dira neurri horietako batzuk.

Hiltegietarako neurriak

Hegaztitegi batetik bestera Campylobacter spp.ren prebalentzian eta kopuruan dagoen aldakuntzak agerira ekartzen du hiltegietan ere beste neurri batzuk hartu behar direla. Hilketa-prozesuan kontaminazio gurutzaturik egon ez dadin, ezinbestean errespetatu behar dira higiene-protokolo eta -prozedurak.

Campylobacter-ek sortutako kontaminazioaren kontrolean eragin handia duen beste neurri bat da hegaztien haragiari tratamendu termikoa egin eta hura izoztea.

Zaintza eta kontrola egiteko planak

Campylobacter-en prebalentzia murrizteko, kontrola industriarekin lankidetza hertsian egiteko plan eta programa nazionalak dira tresnarik eraginkorrena.

Bestalde, hegazti-hazkuntzako ekoizpen-katearen maila guztietan laginketa eta zaintza espezifikoa egiteko planak abian jarrita, informazio garrantzitsua lortzen da Campylobacter bakterioak elikakatean duen prebalentziari buruz eta hartutako edozein neurriren eraginkortasunari buruz.