2013-2020ko Osasun Planaren emaitzen txostena
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak 2016. urteari dagozkion Osasun Planaren emaitzen txostena argitaratu du. Plan horrek osasunaren ikuspegia politika guztietan txerta dadila defendatzen eta sustatzen du, eta Euskadiko herritarren osasun-egoera zehazten duten kausak sakonago aztertzeko aukera ematen du.
Elikadurarekin eta osasunarekin loturiko esparruetan, honako ekintza hauek nabarmen daitezke:
Elikadura osasungarriaren estrategia
Euskadiko herritarrentzako elikadura osasungarriaren estrategia zehazten duen dokumentu bat egin da, kontsumo-ereduetan islatzen diren gizarte- eta genero-desberdinkeriak kontuan hartuta.
Elikadura-sektorearekiko akordioak
Erakunde arteko akordioak sustatu dira elikadura- eta ostalaritza-industriekin lankidetzan, elikagai prestatuetan azukreak, gantz aseak eta gatza murrizteko.
Kalitatezko elikadura osasungarri, fresko eta askotarikoa izateko aukera
Donostiako taberna eta jatetxeetan eskaintzen dituzten eguneko menuen kalitate nutrizionala ebaluatu da, baita dieta mediterraneoaren eredura egokitzen ote diren ere. Horretarako, eguneko menua eskaintzen duten 33 taberna eta jatetxe bisitatu dira, eta horietako plater nagusien, garnizioen eta azkenburukoen osaera baloratu da. Emaitza nagusia izan da lehen plateren % 90ek eta bigarren plateren % 63k bete egiten dutela dieta mediterraneoaren eredua.
Elikadura-ohitura osasungarrien arloko berrikuntza eta ikerketa
- Agindu Bizimodu Osasuntsua proiektua: Osakidetzaren Bizkaiko Lehen Mailako Arretako Ikerketa Unitateak abian jarritako proiektu honen helburu nagusia da bizi-ohitura osasungarriak sustatzea (jarduera fisikoa, dieta, eta tabakoa uztea). Historia klinikoari loturik, norberaren ohitura osasungarriak autoebaluatzeko webgune bat egin da. Herritarrak ordenagailutik, telefono mugikorretatik eta halakoetatik sar daitezke bertara. Horrez gain, osasunaren arloko profesionalentzako tresna informatiko bat ere garatu da, diagnostikoarekin eta ohitura osasungarriak sustatzearekin lotura duten erabaki klinikoak hartzen lagun diezaien. Tresna hori martxan jartzen ari dira Osakidetzaren zerbitzu-egituretan.
- PREDIMED-PLUS: Arabako Unibertsitate Ospitaleak parte hartzen du proiektu honetan, eta helburu gisa du dieta mediterraneo hipokalorikoak eta jarduera fisikoak lehen mailako prebentzio kardiobaskularrean duten eragina ikertzea.
- Aktidiet proiektua: proiektu honen helburua da pazienteari bizitza osasungarria izaten laguntzeko tresna bat garatzea, hura motibatzeko, OMEk ariketa fisikoari eta dieta osasungarriari buruz egiten dituen gomendioak bete ditzan. Une honetan balioztatze-fasean dago, eta dagoeneko onartu dute AKTIDIET marka espainiarra erregistratzea (3.620.406 zk.).