PNCOCAren gauzatze-mailari buruzko txostena, 2017. urtea
Ministerioak Elikakatearen Kontrol Ofizialerako Plan Nazionalaren (PNCOCA) gauzatze-mailari buruzko txostena argitaratu du, 2017. urteari dagokiona. Kontrolen emaitzak eskumenen banaketaren arabera bereizita azaldu dira.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa
Txosten honetan zehaztuta dago nekazaritzari, abeltzantzari, arrantzari eta elikagaien kalitateari buruzko kontrol-programa guztien gauzatze-maila, baita kontrolen emaitzak ebaluatu ondoren ateratako ondorioak ere. Horrez gain, beste atal batean, kontrol-programei eginiko auditoretzei buruzko informazioa jaso da.
Kontrolak denetarikoak dira, eta guztiak arrisku-irizpide eta adierazle desberdinetan oinarritzen dira. Hori dela eta, ezin da kontrol guztien inguruko ondorio orokor bat atera. Dena den, oro har esan daiteke kontrol-programek betetze-maila altua izan dutela, arrisku-irizpideak hobeto aplikatu direla aukeratutako laginean eta kontrolak hobetzeko jarduketak jarri direla abian. Horrek guztiak esan nahi du kontrol ofizialen kalitateak hobera egin duela.
Dena den, hobetu beharreko zenbait alderdi ere identifikatu dira: kontrolak gainbegiratzeko prozesua perfekzionatzea eta prestakuntza-programak abian jartzea, bai kontrolak egiten dituzten langileentzat bai elikakateko operadoreentzat.
Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizate Ministerioa
Txosten honetan, gauzatutako kontrol ofizialak argi bereizitako lau bloketan bildu dira: elikagaien establezimenduen kontrola; elikagaien informazioaren eta konposizioaren kontrola; arrisku biologiko eta kimikoen kontrola; eta kontrol-kanpainak eta azterlan koordinatuak.
PDCA zikloari jarraituz eta etengabe hobetzeko asmoz, kontrol-programa bakoitzean izan diren emaitzak ebaluatu dira; zehazki, planifikatutako jarduketen betetze-maila eta sistemaren eraginkortasuna egiaztatu dira, kontrol ofizialak gainbegiratzeko, horien eraginkortasuna egiaztatzeko eta auditoretzak egiteko teknikak erabiliz.
2018. urtean zenbait hobekuntza egin dira Planean, hala nola Lan Prozedura Normalizatuak aldatzea, ez-betetzeak gertatzen direnean zenbait neurri hartzea eta kontrol ofizialari buruzko kanpainak egitea merkatuan. 2019ra begira, kontrol ofizialen eraginkortasuna egiaztatzeko agiriak eguneratu nahi dira, eta zenbait kontrol-programen plangintza nazionala ezarri.
Azkenik, agirian hauek ere sartu dira: hirugarren herrialdeetatik datozen giza erabilera eta kontsumorako merkantzien kontrol ofizialerako sistemaren txostenak, eta elikagaien segurtasunean ondoriorik izan gabe kontsumitzaileen esku jarri diren elikagaien kontrolerako sistemaren txostenak.