ACSAk zianobakterioei eta horiek sortzen dituzten toxinei buruzko artikulu bat argitaratu du ANSESek egindako ebaluazio batean oinarrituta. Ebaluazio horretan ur edangarrian, jolaserako uretan eta arrantza profesionaleko eta aisialdiko jardueretan erabilitako uretan zianobakterioak eta horren toxinak agertzearen ondoriozko arriskuen berri ematen da.

Zianobakterioak eta Zianotoxinak

Lurrean zein uretan (gazi zein gezan) hazten den mikroorganismo mota bat da. Eguzkiak gogor jotzen duenean eta uraren tenperatura 20 gradutik gorakoa denean, izugarri areagotu daiteke egun gutxi batzuetan eta loraketa gertatzen da; ondorioz, pertsona zein animalientzat kaltegarriak izan daitezkeen toxinak sor daitezke, zianotoxinak, hain zuzen ere.

Giza esposizioa

ANSESek Europako herritarrek toxina horiek kontsumitzeagatik izan dezaketen arriskuaren karakterizazioa egin du, mikrozistina barietate bakar batean oinarrituta.

Toxina horrekiko esposizio‑probabilitatea handiagoa da arraina eta itsaskiak kontsumitu ohi dituztenen artean, bai eta mikrozistinekin kutsatutako alga berdeen osagarriak kontsumitzen dituztenen artean. Beste elikagai batzuei (kultiboak, ehiza, haragia, arrautzak edo esnekiak) eta mikrozistinak ez diren beste zianotoxina batzuei dagokionez, datuak ez dira nahikoak ondorio batera iristeko.

Sintomak

Zianotoxinek urdaileko ondoeza, gorakoa eta beherakoa eragin dezakete, bai eta gibeleko eta giltzurruneko ondoeza zianotoxinekin kutsatutako ura edo elikagaiak kontsumitu dituztenei.

Herritar sentiberenak jaioberriak, sei urtetik beherako haurrak, haurdun eta edoskitzaroan dauden pertsonak, gibeleko gaixotasunak dituztenak, dialisi‑tratamenduak dituztenak eta adineko pertsonak dira.

Arriskua kudeatzea

Ur edangarriaren ohiko tratamenduaren bidez zianobakterioak eta toxinen maila txikiak ezabatu daitezke.

Hala ere, loraldia akutua bada, gerta daiteke ohiko tratamenduak nahikoak ez izatea. Horregatik, ur edangarriko sistema askotan neurri gehigarriak hartzen ari dira zianotoxinen agerpena tratatzeko.