EFSAk Toxoplasma gondii parasitoari buruzko berrikuspen bibliografikoa egin du, jakiteko kisteak nola banatzen diren animalietan; detekzio-metodoek zenbaterainoko eraginkortasuna duten; haragietako antigorputzen eta kisteen artean nolako lotura dagoen; eta abeletxeetako infekzioen arrisku-faktore nagusiak zein diren. Berrikuspena egiteko, 1.766 agiri aztertu dituzte, eta ondorio hauek atera:

Kisteen banaketa anatomikoa

Txerrietan, hausnarkari txikietan, zaldietan eta eskortako hegaztietan, kisteak nagusiki garunean eta bihotzean egoten dira; abereetan, berriz, batik bat gibelean sortu ohi dira.

Detekzio-metodoak

Detekzio zuzeneko metodorik onena katuetako biosaiakuntza da, eta, ondoren, saguetako biosaiakuntza. PCR erreakzioa saguetako biosaiakuntzaren antzera egin daiteke, laginketa-estrategiaren eta protokoloaren zehaztapenen arabera. Mikroskopian oinarrituriko detekzioa, bestalde, ez da batere sentikorra.

Seropositibotasunaren eta haragiko kisteen arteko lotura

Eskura dauden azterlanen arabera, oro har lotura txikia edo moderatua dago antigorputzen eta txerriek, oiloek eta hausnarkari txikiek izan ohi dituzten parasitoen artean, eta lotura gutxi edo hutsala dago, oro har, behi-aziendari eta zaldiei dagokienez.

Alabaina, banakako azterlanen artean aldeak daude lotura horri dagokionez: txerrietan, ardietan eta oiloetan, animalia seropositiboen detekzio zuzeneko tasa % 100era artekoa izan zen zenbait kasutan. Ahuntz seropositiboetan, detekzio-tasa % 72koa izan zen, eta zaldi eta behi seropositiboetan, berriz, gehienez ere % 10ekoa.

Abeletxeetako arrisku-faktore nagusiak

Abeletxeetan, katuak egoteak, bazka kutsatuta egoteak eta konfinamendu maila apala izateak Toxoplasma gondii parasitoaren bidezko arrisku-infekzio handiagoa eragin ohi du oro har.

Azterlan gutxi daudenez, ezin izan da ondorioztatu zer-nolako eragina duen edateko urak eta zenbaterainoko aukera dagoen parasitoa karraskarien artean transmititzeko.

EFSAren berrikuspen bibliografikoa