FAO/OMEko Adituen Batzordeak (JECFA) arraina kontsumitzearen arriskuei eta onurei buruzko azkenaldiko azterketa bibliografikoen emaitzak aztertu ditu, ondorioak ateratzeko eta arriskua ebaluatu eta kudeatzeko neurri gomendagarriak emateko.

Azterketa bibliografikoak

Ebidentzia zientifiko berriak eskaintzeko, honako gai hauei buruzko bost azterketa zabal egin dira, erreferentziazko txosten hau egiteko:

  1. Arraina kontsumitzeak osasunerako dituen onuren ebidentziak.
  2. Dioxinen eta dioxinen antzeko PCBen (dl-PCB) efektu toxikoak.
  3. Metilmerkurioaren (MeHg) efektu toxikoak.
  4. Selenioaren (Se) egitekoa, MeHg-ek osasunean dituen efektuei dagokienez.
  5. Arrantzako eta akuikulturako produktuetan MeHg, dioxinak eta dl-PCBen presentziaren datuak.

Onurak

  • Arraina kontsumitzeak energia, proteinak eta giza osasunarentzako beste nutriente garrantzitsu batzuk ematen ditu.
  • Arraina kontsumitzea munduko herri askotako kultur tradizioan dago.
  • Bizitzako etapa guztietan (haurdunaldian, haurtzaroan eta helduaroan) arraina kontsumitzea onuragarria den ebidentziak daude.
  • Biztanleriari buruz oro har eta banakoei buruz egindako azterlanen ondoriozko onurak aldatu egingo dira dieta orokorraren arabera, kontsumitzaileen ezaugarrien arabera eta kontsumitutako arrain-espezieen arabera.
  • Eskualde eta nazio mailan ebaluatu behar dira arriskuak eta onurak, arraina kontsumitzeko gomendioak egokiak izan daitezen tokiko kontsumo-ohiturak, kontsumitzen den arrain-mota, arrainaren kutsadura-maila, nutriente-edukia, intereseko biztanleriaren egoera nutrizionala, kultur ohiturak eta demografia kontuan izanda.

Arriskuak

  • Arraina kontsumitzearen ondoriozko dioxina eta dl-PCBen esposizioak gizakion osasunean dituen efektuei buruzko azterlanak falta dira. Egungo oinarria lanagatik edo tokiko kutsaduragatik dioxinen eta dl-PCBen esposizio handia duten biztanleriarena da batez ere.
  • Dioxina eta dl-PCBen dietaren bidezko esposizioa animalia-jatorriko elikagai askotatik dator, baita arrainetik ere. Arrainaren kontsumoak esposizio horiei egingo dien ekarpena aldatu egingo da eskualdearen eta kontsumitutako arrain kopuruaren, iturriaren eta motaren arabera
  • Ebidentziak argiak daude dioxinen esposizioaren eta semenaren kalitatea murriztearen arteko loturaz.
  • Haurdunaldian amak arraina kontsumitzea ondorengoaren garapen neurologiko hobeari lotzen zaio, nahiz eta frogatu den populazio batzuetan bizitzako lehen etapetan (jaio aurretik eta lehen haurtzaroan) arraina kontsumitzeagatik MeHg-ren esposizioa izatearen ondorioz garapen neurologikorako onura txikiagoa egon dela.
  • MeHg-ren esposizioak osasunerako ondorio kaltegarriak dituen ebidentzia mugatua dago bihotz-hodietako efektuei, efektu neurologikoei eta helduaroko beste mota bateko efektuei dagokienez.
  • Badira proba heterogeneoak haurtzaroan MeHg esposizioa izatearen eta haurtzaroko efektu neurologikoen artean, eta litekeena da aldeak islatzea aztertutako populazioetan.
  • Ebidentzia mugatua dago MeHg-k osasunean dituen efektuez, egoeraren eta Selenio ahorakinaren arabera.

Gomendioak

Biztanlerian oro har bizitzako etapa guztietan arrainaren kontsumoaren onurak maximizatzeko, JEFCA batzordeak gomendatzen du estatu kideek:

  • Aitortu dezatela arraina energiaren, proteinaren eta osasunarentzako beste mantenugai garrantzitsuen iturri garrantzitsua dela eta arraina kontsumitzeak herri askotako kultur tradizioen zati garrantzitsua dela.
  • Bizitzako etapa guztietan (haurdunaldian, haurtzaroan eta helduaroan, batez ere) arraina kontsumitzearen onurak azpimarratzea ditzatela.
  • Arrainetan dauden kutsatzaileen eta mantenugaien datu normalizatuak bil ditzatela.
  • Berariazko kutsatzaileek denboran zehar dituzten mailei eta joerei buruzko datu-baseak garatu, mantendu eta hobetu ditzatela, bereziki MeHg, dioxinak eta dl-PCB, baita mantenugaienak ere, hala nola selenioa eta kate luzeko omega-3 gantz azidoak (LCn3PUFAs).
  • Arrainaren ahorakinari buruzko eskualde edo nazio mailako datu normalizatuak eta adierazkorrak bil ditzatela, kantitatea, mota eta iturria barne.
  • Arrisku-analisiaren estrategiak garatu eta ebaluatu ditzatela, arraina kontsumitzearen onurak maximizatzeko eta arriskuak minimizatzeko.

Txosten osoa laster argitaratuko da arraina kontsumitzeari lotutako arrisku eta onurez JEFCAk aztertutako ebidentzia zientifikoen deskribapenarekin.