Azido formikoaren erabilera pentsuetan 14/10/13
Europako Batzordeak hala eskatuta, FEEDAPek, EFSAren baitan animaliak elikatzeko erabilitako gehigarri eta produktu edo substantziak aztertzen dituen batzorde teknikoak, irizpen zientifiko bat eman du azido formikoa berriz baimentzearen inguruan, zehazki, animalia-espezie eta -kategoria guztientzako pentsuen kontserbatzaile gisa erabiltzeko, eta ziloratzeko gehigarri gisa erabilera berria emateko.
Hona hemen FEEDAPek ateratako ondorioak:
- Ez da kontrako eraginik atzeman txerriak elikatzeko azido formikoa proposatutako gehienezko dosian erabiltzen denean (12.000 kg azido formiko/elikagai osoaren kg), eskortako hegaztietan edo hausnarkarietan (10.000 mg azido formiko/elikagai osoaren kg). Era berean, ezin izan da identifikatu muga jakin bat segurtasun-tarte gisa. Ondorio horiek beste animalia-espezie batzuetara estrapola daitezke 10.000 mg azido formiko/elikagai osoaren kg-ko gehienezko dosian.
- Kontuan hartuta azido formikoaren metabolismoa azkarra dela eta ez dagoela ebidentziarik egiaztatzeko gorputz-ehunetan pilatzen dela, uste dute berau animalien elikadurarako erabiltzeak ez duela eragiten kontsumitzaileen esposizioan. Horrenbestez, uste dute segurua dela kontsumitzaileentzat azido formikoa animalia-espezie guztientzako pentsuen gehigarri gisa erabiltzea.
- Uste dute azido formikoa, % 10etik gorako kontzentrazioetan, korrosiboa dela azalerako eta begietarako. Azido lurrunkorra denez, esposizioak (arnastearen bidez eta azalarekin eta begiekin kontaktuan egotearen bidez) arriskua dakar gehigarria inolako babesik gabe erabiltzen duten langileentzat.
- Uste dute animaliak elikatzeko azido formikoa erabiltzea segurua dela ingurumenerako.
- Azido formikoak, gomendatutako kontzentrazioetan, galarazi egiten du bakterioak haztea elikagaietan eta edateko uretan, eta ziloratze eraginkorreko gehigarritzat jotzen da.