Elikagaien Segurtasunerako Britainiako Agentziak (FSA) Krisi-sasoian Elikagaien Segurtasunaren Astea antolatu du ekainaren 11tik 17ra. Bertan aurkeztutako azterlan baten ondorioek adierazten dute kontsumitzaileek elikagaiekin lotutako arrisku handiagoak bizi dituztela etxean gaur egungo krisi ekonomikoaren sasoian.

Azterketa horretarako, FSAko ikertzaileek 18 eta 64 urte bitarteko 1.906 kontsumitzaileri egin dizkiete inkestak, erosketa-, manipulazio- eta biltegiratze-ohiturak aztertzeko eta horiek egungo krisi ekonomikoan duten eragina ulertzeko. Emaitzen arabera,

  • Inkestatuen % 97k adierazi du erosketen prezioa nabarmen handitu dela azken 3 urteotan, eta % 75ek eskaintzak baliatzen eta marka merkeagoak erosten ditu.
  • % 57k uste du hondarrak baliatzea modu ona dela erosketako gastuak murrizteko (% 47k prestatu ondoko 2 egunetan erabiltzen ditu eta % 25ek izoztu egiten ditu).
  • Inkestatutako kontsumitzaileen heren batek uste du gai dela hozkailuko elikagaien egoera zein den zehazteko, begiratuta eta usainduta, iraungitze-data edo lehentasunezko kontsumo-data aintzat hartu gabe edo orientazio gisa erabilita.

Ondorioak ikusita, Britainiako Agentziak zenbait gomendio eman ditu:

  • Janarien hondarrak albait arinen estali eta hoztu (gehienez ere 90 minutuan).
  • Gehienez ere 2 egunetan kontsumitu.
  • Egiaztatu hozkailuan tenperatura egokia dagoela (5º C gehienez ere).
  • Hondarrak hoztu izoztu aurretik, eta gehienez ere hiru hilabeteren buruan kontsumitu.
  • Hondarrak era egokian desizoztu: jarraian kontsumituko badira, mikrouhina erabili; bestela, hozkailuan desizoztu gauez. Ez izoztu inoiz berriro desizoztutako hondarrak.
  • Hondarrak era homogeneoan kuzinatu eta berotu.
  • Iraungitze-datak zehatz-mehatz zaindu. Data horiek igaro ondoren elikagaietan arrisku mikrobiologikoak egon daitezke (E. coli, Salmonella), eta horiek itxuraz ez dute elikagaiaren egoera kaltetzen; hortaz, elikagaia usaintzea ez da neurri eraginkorra.
  • Lehentasunezko kontsumo-data zaindu. Elikagaiaren nutrizio-kalitateari eta propietate organoleptikoei dagokie.

Azterlana: elikagaien arriskuak etxean

EFSAren gomendioak elikagaiak kontserbatzeko ohiturei buruz