Europako Batzordeko adituen talde batek txosten bat argitaratu berri du, elikadura-sistemak eraldatzeko zientziaren eta politikaren arteko nazioarteko interfazea indartzeko aukerak, gabeziak eta beharrak biltzen dituena.

Elikadura-sistema eraldatzea inoiz baino beharrezkoagoa da; halaxe frogatzen dute Errusiak Ukrainaren aurka abiarazitako gerrak ekarri duen elikadura-krisiak eta klima-aldaketari lotutako erronkek.

Adituen taldeak ondorioztatu du eraldaketa horrek zientzia, politika eta gizartea lotzen dituen asmo handiko interfazeak izan behar dituela oinarri. Interfaze horiek gizartea inplikatu eta ahaldundu behar dute, oro har, baita elikadura-sistemako eragileak, komunitate zientifikoa eta erabakiak hartzeko ardura duten arriskuen kudeatzaileak ere. Helburua da ezagutza-oinarri kolektiboa sortzea, eraldaketan benetako oztopoak gainditzen lagunduko duena.

Gomendioak

Txostenak elikadura-sistemetako interes-talde guztiei zuzendutako gomendioak eta beharrezko ibilbideak barne hartzen ditu:

  1. Alde anitzeko gobernantza

Alde anitzeko gobernantzak (adibidez, Europako Batzordearen eta NBEren arteko kooperazioa) egun dauden zientzia-politika interfazeak indartu eta egokitu behar ditu baliabide gehigarriak erabiliz, eta aginte zabalagoa izan behar du, sektore osoak parte hartu ahal izan dezan nazioarteko mailan.

  1. Sektore anitzeko lantaldeak

Alde anitzeko erakundeek —Europako Batzordea eta NBE— gobernu nazionalekin kooperatu behar dute ezagutzen eta datuen gabezia garrantzitsuenak finantzatzeko.

  1. Sareen sarea

Europako Batzordeak, NBEk eta alde anitzeko beste erakunde batzuek kolektiboki inbertitu behar dute sareak koordinatzen dituen sare orokor batean, gaitasunak eraikitzeko, eskualdeko ebaluazioak biltzeko eta balizko etorkizunak irudikatzeko eta joerak identifikatzeko pronostikoak eta ereduak garatzeko.