FVOk haragiaren trazabilitate-sistemak ikuskatu ditu Espainian 15/09/30
FVOko ikuskatzaileen talde batek ikuskaritza egin zuen Espainian, 2015. urtearen hasieran. Helburua zen haragiaren (ungulatuak, hegaztiak, lagomorfoak eta ehizakiak), haragi xehatuaren, mekanikoki bereizitako haragiaren (MBH), haragi-prestakinen, haragi-produktuen eta haragia, haragi-eratorriak eta bestelako osagaiak dituzten produktu konposatuen trazabilitatearen inguruko kontrol ofizialen funtzionamendua ebaluatzea.
FVOk arreta berezia jarri zuen trazabilitate-sistemetan, haragiaren eta haragi-eratorrien etiketatzean eta identifikazioan, eta haragia edo haragi-eratorriak izan ditzaketen produktu konposatuetan. Halaber, erabilitako osagai bakoitzaren kopuruaren trazabilitatea egiaztatu zen.
Ikuskatzaileen taldeak honako ondorio hauek eman zituen, bisitaren ondoren:
- Kontrol-plan ofizialak aurreikusi bezala inplementatzen dira, eta kontrol ofizialak prozedura dokumentatuen arabera gauzatzen dira.
- Elikagaien enpresetako operatzaileen trazabilitate-prozedurak eta etiketatzea egiaztatzen da, arriskuen eta kontrol-gune kritikoen azterketako ikuskaritzen baitan; alabaina, erabilitako kontrol-zerrendek ez zuten behar beste xehetasun (eginiko kontrolek azaleko emaitzak eman zituzten, FVOren arabera).
- Gainera, agintari eskudunek (AACC) ez dituzte trazabilitate kuantitatiboari buruzko kontrol sistematikorik jasotzen (haragiaren, haragi-eratorrien eta bestelako osagai batzuen kopuru jasoak, erabiliak, igorriak eta abar).
- Gehigarrien, entzimen eta aromen erabileraren egiaztapena ahula izan da, eta arreta gutxi ematen zaie “berriz egindako” sortei.
- AACCek ohiko kontroletan trazabilitatearen, etiketatzearen eta gehigarrien erabileraren inguruko ez betetze batzuk atzeman zituzten arren, ez zituzten bestelako gabezia larriagoak atzeman. FVOren ikuskaritzaren baitan eginiko trazabilitate-ariketak direla eta (txikizkakoen artean hautatutako 14 produktu), ez betetzeak atzeman ziren, ia kasu guztietan, trazabilitateari, etiketatzeari eta/edo gehigarrien erabilerari lotutakoak. Arazo zehatzak atzeman ziren haragiaren eta/edo eratorrien trazabilitatean, produktu horiek talde bereko zentroen artean garraiatzen zirenean.
- Bestalde, bisitatutako establezimendu batean jardunbide onen adibideak ikusi ziren (erraztu egiten zuten produktuen trazabilitatea ekoizpen-kate osoan).
Txostenak zenbait aholku ematen dizkie Espainiako erakundeei, identifikatutako gai horiek eta besteak zuzentzeko, kontrol-sistemak hobetze aldera.
FVOren ikuskaritzaren txostena – Haragiaren trazabilitatea