EFSAk eta ECDCk bakterio zoonotiko jakin batzuen mikrobioen aurkako erresistentziei buruzko urteko txostena argitaratu dute; besteak beste, Salmonella, Campylobacter eta Escherichia coli bakterioen ingurukoa.

Hona hemen azterlanaren ondorio nagusiak:

Salmonella eta E. coli

Gizakietan oraindik ere sarritan agertzen dira anpizilinarekiko, sulfonamidekiko eta tetraziklinekiko erresistentziak, eta hirugarren belaunaldiko zefalosporinekiko erresistentzia apala da oraindik ere.

Gizentzeko oilasko eta indioilarretan (eta haien haragian) isolaturiko Salmonella eta E. coli bakterioetan, sarri agertu zen anpizilinarekiko, (fluoro) kinolonekiko, tetraziklinekiko eta sulfonamidekiko erresistentziak, eta oso kasu gutxitan agertu zen hirugarren belaunaldiko zefalosporinekiko erresistentzia.

Lehen aldiz ebaluatu da espektro hedatuko betalaktamasak (ESBL) ekoizten dituen E. coli-ak zenbateko prebalentzia duen eskortako hegaztietan eta haien haragian, eta alde nabarmenak aurkitu dira estatu kide batetik bestera (% 10eko prebalentzia kasu apalenean, eta % 70ekoa larrienean). Hala eta guztiz ere, ESBL / AmpC ekoizle gutxi aurkitu ziren eskortako hegaztietan eta gizakietako Salmonella bakterioan.

Kolistinarekiko erresistentzia oraindik ere oso gutxitan agertzen da Salmonella eta E. coli bakterioetan hegazti-hazkuntzan (% 2).

Gizakien artean, gizaki eta animalietan erabili ohi diren hiru antibiotikorekiko edo gehiagorekiko erresistentea den serotipo batek eragiten du Salmonellaren ondoriozko lau infekziotik bat.

Campylobacter

Gizakietan eta gizentzeko oilaskoetan eta haien haragian, ziprofloxazinarekiko eta tetraziklinekiko erresistentzia handia eta oso handia izan zen, eta eritromizinarekiko erresistentzia, berriz, apala eta neurrizkoa.

Multirresistentziak

Garrantzi terapeutiko handia duten antimikrobiotikoekiko multierresistentzia apala eta oso apala izan zen Salmonellan (% 0,2), Campylobacter-ean (% 1) eta E. coli-an (% 1) eskortako hegaztietan.

Hala eta guztiz ere, Salmonellaren serotipo jakin batzuetan, farmako horiekiko multierresistentzia handiak eta oso-oso handiak aurkitu ziren sarritan.

Hala gizakietan nola animalietan aurkitutako Salmonellaren serotipo horiek (bereziki, Kentucky) ziprofloxazinarekiko erresistentzia handia agertu zuten.