PBDE sugar-atzeratzaileei buruzko EFSAren ebaluazio berria
EFSAren CONTAM panelak difenilo-eter polibromatuen (PBDE) arriskuaren ebaluazio berria egin du, eta ondorioztatu du litekeena dela Europako biztanleriaren PBDEekiko egungo esposizio dietetikoak osasun-arazo bat planteatzea. Txostenean ikerketa-beharrak identifikatzen dira, eskura dagoen ebidentzia zientifikoa areagotzeko, arriskuaren ebaluazioa findu ahal izateko.
Difenilo eter polibromatuak (PBDE) luze-zabal erabili ziren sugar-atzeratzaile gisa kontsumoko produktu eta produktu elektriko askotan, produktu osoaren pisuaren % 5-30 arteko proportzioetan. PBDE-en berezitasuna da ez direla molekula mailan atxikitzen aplikatzen zaizkion produktuari (eskuarki plastikoak edo zuntzak), eta, beraz, ingurumenean barreiatzen dira. Gainera, PBDE-en kidekoek iraunkortasun handia dute ingurumenean eta biologikoki oso metagarriak dira elikakatean. EFSAren ebaluazioak kideko hauek ditu aztergai: BDE- 28, -47, -49, -99, -100, -138, -153, -154, ‑183 eta -209.
Ekiteko moduari buruzko ondorioak
PBDE-ek kaltzio mitokondrialaren homeostasian esku hartzen dutelako gero eta ebidentzia handiagoak daude, eta, ondorioz, oxidazio-estresa eta apoptosia eragiten dute zelula neuronaletan.
Ikusi da, zehazki, BDE-209 neurotoxikoa dela hormona tiroideorako.
PBDE-ek eta horien metabolitoek aril hidrokarburoen hartzaileen (AHR) agonista edo antagonista ahul gisa jardutearen ebidentzia batzuk daude.
Eskuragarri dagoen ebidentziak iradokitzen du zenbait PBDE gai direla androstanoaren hartzaile konstitutiboaren/pregnanoaren X hartzailearen (CAR/PXR) adierazpen genetikoa aktibatzeko.
In vitro ikerketak oinarri hartuta, taldeak ondorioztatu du PBDE-ek kalteak eragin ditzaketela DNAn, zeharkako ekintza-mekanismo baten bitartez.
Efektu kritikoak eta dosi-erantzunen analisiak
CONTAM taldeak ondorioztatu zuen jokabidearen gaineko garapen neurologikoaren efektuak eta ugalketa-/garapen-efektuak arriskua karakterizatzeko efektu kritikoak direla.
Esposizioa
Europako dietaren bidezko esposizio handiena BDE-209k eragiten du, eta, ondoren, BDE4-7k; biek ala biek esposizio-maila handiagoak dituzte haurretan. BDE-49ren eta -138ren esposizio baxuena haurtxoek dute; aldiz, BDE-49ri eta -209ri dagokionez, esposizio baxuena helduek dute.
Esposizio handiena dakarten dietako elikagai-produktuak hauek dira:
BDE-28, -99, -153, -183 eta -209: Haragia eta haragikiak.
BDE-47 eta -100: Arrainak, anfibioak, narrastiak eta ornogabeak.
BDE-49, -138 eta -154: Animalia- eta landare-koipeak.
Arriskuaren karakterizazioa
Ondorioztatu zen datu toxikologikoak ez dituzten kidekoekiko esposizioak (BDE-28, -49, -100, ‑138-, -154, -183) ez duela eragin handirik, suposatuz ez direla BDE-47 baino toxikoagoak.
Taldeak uste du PBDE-ek osasun-arazoak ekar diezazkieketela adineko pertsonei, haurrei eta nerabeei, baina datuetan zalantza handia dago.
Ondorioztatu da gizakion esnean neurtutako batezbesteko esposizio-mailak ez dietela osasun-arazorik eragiten haurtxoei.
Osasun-arazoak eragiteko aukera txikiagoa da efektu neurokonduktualetarako ugalketa-/garapen-efektuetarako baino.
Orokorrean, CONTAM taldeak ondorioztatu zuen emaitzetako esposizio-mailek indartzen dutela litekeena dela Europako biztanleriak gaur egun PBDE-ekiko duen esposizio dietetikoak osasun-arazoak sortzea.
Gomendioak
Azkenik, txostenak arriskuaren ebaluazioa fintzeko zenbait gomendio ematen ditu, nagusiki honako hauei buruzko informazioa areagotzeko zuzenduta daudenak:
- PBDE-en presentzia haurren formuletan.
- Giza toxikozinetikak, hala nola xurgapena, amatik feturako transferentzia eta edoskitzaroko transferentzia.
- Zenbait kidekoren arriskua identifikatu eta karakterizatzea, batez ere BDE-153an.
- Jokabide neuronalean, ugalketan edo garapenean egon litezkeen kontrako efektuei eta tiroideoaren funtzioaren gaineko eraginari buruzko informazioa.
- Animaliekin egindako ikerketetan hautemandako ondorioak gizakietan detektatutako kontrako efektuekin parekatzea. Etorkizuneko ikerketak PBDE-en kideko anitzekiko eta beste kimiko batzuekiko esposizio konbinatuaren ebaluaziora bideratu beharko lirateke.