EFSAren Kutsagarrien Panelak (CONTAM) balioetsi egin du ea bularreko haurren eta haur txikien elikagaietan dioxinen, furanoen eta PCBen egungo gehienezko mugek murriztu egiten duten kutsatzaile kimiko horiek elikagaietan duten kontzentrazioa; hots, ea muga horiek murriztu egiten duten herritarren arrisku-talde horren balizko esposizioa.

Ebaluazioa egiteko, bularreko haurrentzat eta haur txikientzat merkatuan salgai aurki daitezkeen elikagaien 516 laginetako dioxinen, dibenzofurano polikloratuen (PCDF) eta dioxinen antzekoak diren PCBen (DL-PCBak) emaitzak bildu dira. Laginen artean, besteak beste, jarraipen-esne hautsa eta zerealak zeuden. Horietako batzuk ur edo esnearekin berreraiki behar ziren, eta hori ere aintzat hartu zen ebaluazioa egitean. Europako 13 herrialdek 2003tik 2011ra bitartean igorritako lagin guztiak zeuden haurrentzako elikagaietarako egungo mugen azpitik: 0,1 pg EQTOMS2005/g dioxinetarako eta 0,2 pg EQTOMS2005/g dioxinen eta DL-PCBen baturarako (1881/2006 Araudia, 1259/2011 Araudiak aldarazia).

CONTAM panelak ondorioztatu zuen egungo gehienezko mugek ez dakartela dioxinen eta DL-PCBen dioxina-kontzentrazioa murriztea bularreko haurrentzako eta haur txikientzako elikagaietan. Halaber, ondorioztatu da, eskura dauden datuak oinarri gisa erabilita, oraindik orain ez dagoela ezer ondorioztatzea elikagai horietako dioxinen eta DL-PCBen mailen joerei buruz; izan ere, ebaluatutako laginak helburu ezberdinekin bildutako hainbat elikagaitakoak izan ziren, eta hainbat herrialdetako laborategietan eta urte ezberdinetan aztertu ziren.

Azkenik, Panelak zenbait gomendio ematen ditu metodo analitikoen sentsibilitatea hobetzeari eta herritarren arrisku-talde honentzako elikagaiak ordezkatzen dituzten lagin gehiago biltzeari buruz.

Txostena